Albisteak

1.175.500 euro gehiago txertatu ditu Mendaroko Udalak 2021eko aurrekontuan herritarren aldeko proiektuak garatzeko

• Bereziki gizarte ongizatearen aldeko apustua egin du Udalak eta horri jarraiki, esaterako, gizarte larrialdietarako laguntzei zuzenduriko kontu saila edota gazteen alokairuari zuzenduriko laguntza bikoiztu ditu, auzo taxia jartzeko partida sortu du eta berdintasun alorrean ere berdintasunaren aldeko ekintzak garatzera zuzendutakoa ia hirukoiztu ditu.

2021·07·28


1.175.500 euro gehiago txertatu ditu Mendaroko Udalak 2021eko aurrekontuan herritarren aldeko proiektuak garatzeko

  • Bereziki gizarte ongizatearen aldeko apustua egin du Udalak eta horri jarraiki, esaterako, gizarte larrialdietarako laguntzei zuzenduriko kontu saila edota gazteen alokairuari zuzenduriko laguntza bikoiztu ditu, auzo taxia jartzeko partida sortu du eta berdintasun alorrean ere berdintasunaren aldeko ekintzak garatzera zuzendutakoa ia hirukoiztu ditu.

  • Horrekin batera, arreta berezia jarri du baita ere jasangarritasunaren aldeko bidean, baliabide energetiko berriztagarriei zuzenduriko aurrekontua bikoiztuz, irisgarritasunean ospitalerako igogailuan 700.000 euroko inbertsioa eginez edota landa eremu zein auzoetan, horiek hobetzeko aurrekontua nabarmen handituz.

 

2020ko udal aurrekontuen zuriketa dagoeneko eginda, Mendaroko Udalak udal diru-kutxen egoera ona berretsi du beste urte batez, guztira 3.227.335,38 euroko gerakinarekin. Kopuru horretatik  449.538,14 euro 2020eko udal aurrekontuaren gerakinari dagozkio.

Behin ekitaldia itxita, beraz, Mendaroko Udalak jarraipena eman nahi izan dio etorkizuneko Mendaro eraikitzeko bideari, eta ildo horretan, udal diru-kutxen egoera onari helduta,  1.175.500 euro gehiago txertatu ditu 2021eko aurrekontuetan herria zein herritarren ongizaterako proiektuak garatzen jarraitzeko.

 

Gizarte ongizatearen aldeko apustua

Azken urtean pandemiak gizartearengan oro har eta, mendarotarrengan izan dituen eraginak kontuan hartuta, Udalak arreta berezia eskaini nahi izan dio gizarte ongizateari. Horrela, besteak beste, gizarte larrialdietarako laguntzei zuzenduriko aurrekontua ia bikoiztu egin du 22.000 eurotatik 42.000 eurotara handituz. Era berean, gazteen alokairuari zuzenduriko laguntza ere bikoiztu egin du, 3.000tatik 6.000 eurora eta berdintasun alorrean, Mendaroko II. Berdintasun Planeko ekimenak aurrera eramateko aurrekontua 9.000 eurotan handitu du, 3.700 eurotatik 12.700 eurotara pasaz. Proiektu horiez gain, esanguratsuak dira, baita ere auzo taxi zerbitzua eskaintzeko 5.000 euroko aurrekontua edota ludoteka eta gaztegune zerbitzuak eskaintzeko 4.200 euroko aurrekontu gehigarria (guztira 41.200 euro).

Era berean eta pandemiaren eragina aintzat hartuta, merkataritza eta industria sektoreetan enplegua sustatzeko 60.000 euroko aurrekontua sortu eta txertatu du Udalak 2021eko aurrekontuetan.

 

Jasangarritasunaren bidean urratsak eginez

Gizarte ongizateaz haratago, Mendaroko Udalak herri jasangarriago bat eraikitzeko urratsak ematen jarraitze aldera lan egiten du eta alor horretan hainbat proiektu garatzeko aurrekontu gehigarriak txertatu edota berriak sortu ditu 2021eko aurrekontuen baitan. Nagusi dira: baliabide energetiko berriztagarriei zuzenduriko aurrekontua bikoiztea, guztira 50.000 euro,  etxebizitzak berritu eta CO2 emisioak gutxitzeko aurrekontua, 2.500 eurotatik 37.500 eurotara handitzea. Horrez gain, 60.000 euroko aurrekontua sortu du basoen babesera zuzenduta eta landa eremu eta auzoei dagokionez, landa eremuko erabilera anitzeko eraikina hobetzeko 23.000 euro gehiago bideratu ditu eta auzoak hobetzeko 20.000 eurotik 60.000 euroko aurrekontura pasa da.

 

Hirigintza alorrean, ospitalerako igogailua nagusi

Herriko irisgarritasuna hobetzea izanik Udalaren lan ardatz nagusietako bat, hirigintza alorrari lotuta, ospitalera doan igogailua eraikitzeko 700.000 euroko aurrekontu gehigarria txertatu du 2021erako. Horrela, guztira 793.000 euro bideratuko dira 2021ean proiektu honetara.

Horrekin batera, 189.285,25 euro bideratuko ditu Udalak  Azpilgoeta urbanizazioko irisgarritasun lanak egiteko (aurreikusitakoa baino 45.000 euro gehiago, ur zikinak eta plubialak desberdintzearen lanengatik). Era berean, hirigintza lan txikiak egiteko aurrekontua bikoiztu eta azpiegituren konponketa zein mantenurako edota lorategien mantenua egiteko aurrekontuak handitu ditu.

“Mendaroko Udalak argi izan du beti zein den bere lehentasuna: herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzea, horretarako etorkizuna duen herri jasangarri, atsegin eta irisgarri bat eraikitzeko bidean urratsak emanez. Pandemiak, baina, lehentasun hori aldatu ez duen arren, behar berriak azaleratu ditu eta horiei erantzuna emateko proiektu berriak sortu edota martxan dauden egitasmoak indartu nahi izan ditugu, herritarrekiko hartutako konpromisoa eta emandako hitza betetzeko”, adierazi du Iñaki Arregui alkateak.

Hona hemen proiektu guztien taula:

Proiektuak Aurrekontua    
  Hasierakoa Gehigarria Behin betikoa
ZINEGOTZI ETA TALDE POLITIKOEN ASIGNAZIOA 17.500,00 2.500,00 20.000,00
LUDOTEKA-GAZTEGUNE ZERBITZUAK 37.000,00 4.200,00 41.200,00
BERDINTASUNAREN ALDEKO EKINTZAK 3.700,00 9.000,00 12.700,00
KALEKO AZPIEGITUREN KONPONKETA /MANTENIMENDUA 19.700,00 10.300,00 30.000,00
LORATEGIEN MANTENIMENDUA 39.500,00 6.500,00 46.000,00
ETXEBITZEN ALOKAIRURAKO GAZTEEI ZUZENDURIKO LAGUNTZA 3.000,00 3.000,00 6.000,00
GIZA LARRIALDIETARAKO LAGUNTZA 22.000,00 20.000,00 42.000,00
ETXE BIRGAITZEA.+CO2 EMISIO GUTXITZEKO 2.500,00 35.000,00 37.500,00
INFORMATIKA PROZESUETARAKO EKIPOAK 5.000,00 5.000,00 10.000,00
LANDA EREMUKO ERABILERA ANITZEKO ERAIKINAREN HOBEKUNTZA 7.000,00 23.000,00 30.000,00
II.BERDINTASUN PLANA 0,00 10.000,00 10.000,00
HIRIGINTZAKO OBRA TXIKIAK 20.000,00 40.000,00 60.000,00
AUZOETAKO HOBEKUNTZAK 20.000,00 40.000,00 60.000,00
IRISGARRITASUNA (ospitalerako igogailua) 93.000,00 700.000,00 793.000,00
IKERKETA ETA PROIEKTUAK 0,00 50.000,00 50.000,00
BALIABIDE ENERGETIKO BERRIZTAGARRIAK 25.000,00 25.000,00 50.000,00
Bake Epaitegia. Udaletxe 3.solairua 0,00 10.000,00 10.000,00
IRISGARRITASUNA. AZPILGOETA URBANIZAZIOA 144.285,25 45.000,00 189.285,25
Enplegua merkataritza+industria 0,00 60.000,00 60.000,00
Basoen babesa 0,00 60.000,00 60.000,00
Auzo Taxia 0,00 5.000,00 5.000,00
ETEKIN GABEKO ELK.HEZKUNTZA OSAGARRIA 35.000,00 5.000,00 40.000,00
ETEKINIK GABEKO ELK.EUSKERA 30.300,00 7.000,00 37.300,00
GUZTIRA  1.175.000