Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea “Kaleak denONAK: Elkarlanean Mendaro berrantolatzen”

2
Hainbat herritar elkartu dira herriko espazio publikoen berrantolaketarako plana martxan jarriz.

2024·05·24


“Kaleak denONAK: Elkarlanean Mendaro berrantolatzen”

Hainbat herritar elkartu dira herriko espazio publikoen berrantolaketarako plana martxan jarriz.

Dagoeneko martxan da osasun eta inklusioaren ikuspegiak kontuan hartzen dituen Mendaroko espazio publikoen berrantolaketarako partaidetzazko proiektua. Etorkizuneko Mendaro nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeaz gain, desio dugun hori lortzeko lehen pausoak ezartzea izan da prozesuaren helburua, partaidetzaren bitartez adostutako marko estrategiko baten barruan. 

Horregatik, maiatzaren 7an, 10ean eta 14ean herritarrentzat aurkezpen saioak egin ziren, eta maiatzaren 14ean diagnostikoa eta proposamenak jasotzeko saioa. Hogei bat lagun hurbildu ziren jaurdinaldietara. Aurkezpen saioak etorkizun desiragarriak kolektiboki irudikatzeko aukera bikaina izan zen, lortu nahi zen helbururako pausuak ezarri eta zehazteko, eta hau martxan jartzeko lehen urratsak eman. 

Bigarren saioan aurre-diagnostiko eta proposamenen azterketa eta moldaketa egin zen, banaka zein taldeka, eta gerturatutako guztien artean baloratu ziren egindako planteamenduak. Horrela, Herriko Enparantzatik ibilgailuak eta trafikoa kentzearen proposamena landu zen, plazan egoteko espazio atsegin bat sortzeko, elementu naturalak txertatuz eta oinezkoen irisgarritasun hobe bat planteatuz. Ikastola inguruan oinezkoen ibilbideak lehenetsi eta trafikoa baretzeko neurriak ere aztertu ziren. Hauez gain, Mendarozabal auzoaren beste auzoekiko oinezko loturen konplexutasuna mahaigaineratu zen, inguruko oinezko ibilbideen egokitzapen bat beharko lukeelarik. Erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko, San Agustin inguruko espazio publikoak eta ibilbideak berrantolatzeari buruz ere hitz egin zen, edota Azpilgoeta auzoko espazio publikoak eta ibilbideak uztartzeari buruz, Eguneko Zentruko sarreraraino plataforma bakarra luzatuz, edota zubiko bidegurutzean oinezkoen joan-etorriak eta topaguneak lehenetsiz, esaterako. Bestalde, Aranerrekako ibilbidea herrian ongizatearekin gehien lotzen den ingurua izanik, osasun fisiko, mental eta sozialerako baliabide gisa ekipatzearen beharra plazaratu zen, eta Martzela Osoro plaza erakargarriago bihurtzeko planteamenduak ere egin ziren. Bestetik, eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren eta plan estrategiko baten beharrik ez duten jarduketei, –obra txikiak, argiztapena, hiri-altzariak, etab.– buruz ere jardun genuen.

Hurrengo pausua galdetegi digital bat zabaltzea izango da, ziurrenik irailean egingo dena, landu diren proposamenei buruzko adostasuna neurtzeko. Gainera, haur eta nerabeekin diagnosiko saio bereziak ere egingo dira. 

1 2