‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlana eskainiko da San Agustin Kulturgunean azaroaren 12an
2022·10·26
‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlana eskainiko da San Agustin Kulturgunean azaroaren 12an
- Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa konpainiek sortutako emanaldia 17:00etan hasiko da, eta sarrerak aurrez jaso daitezke Morroskillon.
Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa konpainiek sortutako ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ antzezlana eskainiko da Mendaroko San Agustin Kulturgunean datorren azaroaren 12an, larunbata. Antzezlana 17:00etan hasiko da, eta dagoeneko sarrerak jaso daitezke Morroskillon. Antzezlaneko zuzendariak eta protagonistak Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias dira.
Antzezlanaren sinopsiak honela dio: “Emakume 1, emakume 2, emakume 3, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelitoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean.
Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?
Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?”.