Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari ekin dio UEMAk

.

2025·02·19


'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari ekin dio UEMAk, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko. Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren oinarria, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua.

Euskarak kolore asko dituela eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren.Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin.

Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.