Links interesantes
30·01·2024
Zuhaitz Egun baten ordez, bi
Zestoako Udalak, Itziarko Auzo Udalak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatuta, bi zuhaitz egun ospatuko dira aurten, otsailaren 3an Zestoan, eta 4an Mendaron.
Mendaroko herriak aspalditik ospatzen du Zuhaitz eguna; aurtengoa, Mendaroko Udalak antolatuta, otsailaren 4an izango da.
Zestoako eta Itziarko herriak urteak daramatzate baso politika egiten, basoak berreskuratzeko lanetan, eta Naturtzaindia elkartearen bitartez, Mendaroko Udalak hauengana elkartzea erabaki zuen.
Proiektaren helburu nagusia gure basoak basoberritzea da, bertako zuhaitzak sartzea. Azken hamarkadetan, ia lurralde osoa okupatu eta hondatu dugu, eta aldaketa klimatikoaren testuinguruan, oso argia da zein eragin dituen gure ekosistemekin amaitzeak. Horiek lehengoratzea da helburua, horrek, biodibertsitatearen ikuspuntutik, egoera hobetzea ekarriko duelako. Horretarako, bertako basoak berreskuratzea da intentzioa; eta bide batez, umeek parte hartzen duten heinean, aukera ederra da etorkizuneko belaunaldiek gure lurra zaintzearen garrantzia ezagutzeko.
Aurtengo honetan, bi zuhaitz egun antolatzea erabaki da. Lehenbizikoa Zestoan izango da, otsailaren 3an, larunbata, goizeko 10:00etan herriko plazatik aterata. Landaketa Ertxin mendian izango da eta bertara oinez joango dira parte-hartzaileak. Landaketaren ostean, aurrez info.naturtzaindia@gmail.com helbidean izena eman dutenek bazkaltzera geratzeko aukera izango dute (25 euro).
Bigarren zuhaitz eguna, Mendaron antolatuko da, otsailaren 4an, igandea, goizeko 10:00etan herriko plazatik aterata. Landaketa Intxusadi errekaren magaletan egingo da, Goikola baserriaren inguruan. Lanak amaitutakoan antolaketak hamaiketakoa eskainiko die parte-hartzaileei herrian.
Zestoako Udalak, Itziarko Auzo Udalak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatu dituzte bi irteerak, Naturtzaindia elkartearen laguntzarekin. Duela hilabete batzuk ezkur bilketak egin ziren udalerri hauetan, eta mintegi batean landareak garatu ostean, gure basoetan landatzea tokatzen da.
Bi deialdi eginez, otsailaren 3an Zestoan eta 4an Mendaron, gerturatu nahi dutenek eguna hautatzeko aukera dute, edota nahiago badute, bi aldiz gerturatu daitezke ekintza eder honetan parte hartzera!