Links interesantes
Atrás Mendaroko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak
15·04·2021
Mendaroko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak
- Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.
- Informazio gehiago Mendaroko Udalean eskura daiteke: 943 033 282 telefonora deituz edota erregistroa@mendaro.eus helbidera idatziz.
Mendaro, 2021eko apirilak 15
Hasia da 2020ko errenta eta ondarea aitortzeko garaia eta, ohi bezala, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Mendaroko Udalarekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian du, aurten ere.
Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean, tartean, Mendaroko Udalak. Izan ere, lurralde bakoitzeko foru ogasunaren arabera webguneak, telefonoak eta gainerakoak aldatzen diren arren, moduak antzekoak dira kasu guztietan, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin lortu nahi duena. Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio proposamena jasotzen duela kontuan hartuta, horri eman zaio aurten ere garrantzia.
Ohi bezala, errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskaraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik.
Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.
EGIN EUSKARAZ AITORPENA
Autolikidazio proposamena:
Jasotako proposamena onartzerakoan, telefonoz zein Internet bidez, euskaraz egin nahi duzula esan, eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatua:
Hitzordua harzterakoan adieraz ezazu harremana euskaraz izan nahi duzula.
Ogasunarekin, telefonoz, Internetez zein aurrez aurre euskaraz izan ditzakezu harremanak, horrela eskatzen baduzu.
Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu
Internet bidez:
Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internet bidez eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara aukeratu.
Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, espresuki adierazi beharko duzu euskaraz egin nahi duzula.
Beste eraren batera egiten baduzu (finantza erakunderen baten bidez...) euskaraz egiteko eska dezakezu.
Informazio gehiago Mendaroko Udalean eskura daiteke: 943 033 282 telefonora deituz edota erregistroa@mendaro.eus helbidera idatziz.