Links interesantes

Bukatu dituzte Goikola baserrirako bideko konponketa lanak

Zortzi aste iraun ditu Goikola baserrirako bidearen birgaitze proiektuak. Meteorologiak baldintzatu duen arren, ez da zailtasun berezirik egon, eta hasieran markatutako helburu guztiak bete dira.

10·01·2024


Bukatu dituzte Goikola baserrirako bideko konponketa lanak

 

Zortzi aste iraun ditu Goikola baserrirako bidearen birgaitze proiektuak. Meteorologiak baldintzatu duen arren, ez da zailtasun berezirik egon, eta hasieran markatutako helburu guztiak bete dira.

 

Mendaroko hainbat baserritarako bideetan hainbat luizi izan dira azken urteotan. Posible da, gainera, fenomeno horien maiztasuna zuhaitzak moztearen ondorioz areagotu izana, horiek lurraren sostenguaren funtzioa betetzen baitzuten.

 

2022. urtearen amaieran gertatu zen azken lur-jausia Goikola baserrirako bidean. Ondorioz, udalak, urte hasieran, egindako azterlan geoteknikoa eskatu zuen, bidea egungoarekin paraleloan desbideratzeko asmoz. Azterlanaren emaitzak jaso ondoren, bidea birgaitzeko proiektua idazteko eskatu zion Mendaroko Udalak Hirubide Ingeniaritza eta Aholkularitzari.

 

Proiektuaren helburua bidearen desbideratzearen konponbidea zehaztea eta lur-jausiek sortu ahal izan dituzten drainatze-arazoak konpontzea izan da, eta zortzi hilabete geroago, arrakastaz bete dira hasieran finkatutako helburu guztiak.

 

Birgaitze lanen aurretik zegoen bidearekin paraleloa trazatuz, egungo bidea desbideratu da. Gainera, Goikola baserrirako eta Oleaga baserrirako bideetako arekak handitu dira.

 

Horrez gain, mendi-hegalaren drainadura orografiara egokitu behar izan da obran bertan. Bertako urak jaso eta areka berrira joan daitezen eta  hemendik aurrera Goikoa baserrira doan bidea ez kaltetzeko moldaketa dezente egin behar izan dira.

 

Asfaltados y Construcciones Morga enpresak egin ditu konponketa lanak, 90.577,72  euroko kontratazioaren bitartez. Egindako lan guztiak bukatuta, pozik agertu dira udal langileak; horrelakoetan meteoreologiak beti baldintzatzen duen arren, oraingoan ez da zailtasun berezirik egon.

 

Luizia Goikola baserrirako bidean, 2023

 

Goikola baserrirako bide berria, aurrekoarekin paraleloan, 2024

Goikola baserrirako bide berria, segurtasun-baranda eta -zutoinekin, 2024c